Maria Ruido: “telebistak eragin handia du gure memoria kolektiboan”

Aurten ElectroClass izeneko egitasmoa egingo duzu Consonni Bilboko arte ekoiztetxearekin batera. Telebista kritikatzen duen proiektua dela esan daiteke. Zertan datza kritika hori? Nola sortu zen egitasmoa eta nola garatuko da?

ElectroClass esan duzunez, telebistatik abiatuta egiten ari garen egitasmoa da, artxiboko materiala erabilita, besteak beste, ETBko irudiak. Telebistari buruzko proiektua ere bada, telebistak memoria kolektiboa, eta eragin handiko iruditeriak sortzeko duen gaitasunaren ingurukoa, hain zuzen ere. Hedabide hau duela 70 urte baino gehiago jaio zen eta, neurri handi batean, gure narratiba historiko garaikideak eraiki ditu. ElectroClass-ek ez du telebistak manipulatzeko duen gaitasuna azpimarratu nahi, ezta uneko agintearekin duen harremana. Egitasmoak, telebistak bere errealitatearen kontakizuna nola “naturalizatzen” duen aztertu nahi du, zenbait gertaera guri aurkezteko duen modua desarmatuz. Logika mediatikoaren arabera, gertaera horiek “horrelakoak dira eta ezin daitezke beste modu batekoak izan”. “Enkoadraketa” politiko, ekonomiko eta sozial interesatutik at gelditzen diren hainbat errealitate nola isilarazten diren ez aipatzearren. Telebistaren kontakizunak, gainera, erretratatzen ez dituen errealitate horiek erabat baztertzen ditu.
Esan dezagun, termino zinematografikoak erabilita, “enkoadraketatik at” gelditzen den errealitatea telebistak ez duela aintzat hartzen, berarentzat ez da existitzen. Baina denok dakigu enkoadraketa horretan agertzen dena, askoz ere konplexuagoa den mundu baten zati txikia baino ez dela, hain zuzen ere.
Egitasmoa 2009ko Istanbuleko Bienalean sortu zen, Consonniren eta bion arteko topaketan. Hortik aurrera elkarrekin lan egiteko aukeraz hitz egiten hasi ginen, eta telebista guztioi interesatzen zitzaigun gai komuna zen: Consonniri aspalditik interesatzen zitzaion, eta, jakina, niri ere bai. Izan ere, nire lanean 70eko hamarkadako bideo militantearekin eta telebista gerrillarekin lotuta sentitzen naiz. Horrela, bizi genuen unea aintzat hartuta (muturreko eskuinak monopolizaturiko TDTaren zabalkundea: gobernu autonomikoaren aldaketak eragindako aldakuntzak ETBn; telebista autonomikoei egindako erasoak; telebista formatu berriak Interneten…), eta ardatz tematikoen inguruan interes komunak genituenez, elkarrizketak emaitzak eman zituen hilabete gutxitan.



Egitasmoa aurkezteko egin duzuen testuan, baieztatzen duzu 80ko hamarkadan Euskal Herrian gizarte aldaketa bat gertatu zela, ekoizleen gizartetik kontsumitzaileen gizartera, eta aldaketa horren sinbolo nagusia Guggenheim Bilbao Museoa dela. Halaber, desartikulazio politikoa gertatu zela diozu, eta eszenatoki politiko berri horretan telebistak tresna klabe bihurtu zirela. Nola baliatu zuten botere politikoek telebista? “Propaganda kabinete handiak” bilakatu zirela nabarmendu duzu…
80ko hamarkadan erroturiko aldaketa sozioekonomiko horretan telebista autonomikoek oso funtzio garrantzitsua bete zuten. Autonomien estatuaren eraikuntzari erantzuten diote, eta, nolabait, baita bere mugei ere. Izan ere, Luis A. Pousa kazetariak oraintsu Santigo de Compostelan egin genion elkarrizketan esan zigunez, telebista hauek badute estatu zentralaren kontrola euren sortze oinarrietan. Estatu zentral horrek, gainera, oraindik estatuko espazio radioelektrikoaren jabetzat du bere burua. Hala, Madrilek nola edo hala propioak diren “bitartekoak” ematen dizkie autonomiei, baina ez dio esku-hartzeari uko egiten (esan behar da, halere, ETBrena kasurik autonomoena dela).

Bestalde, tokiko gobernu eta oligarkiak,  laster jabetu ziren errentagarritasun politikoaz, oro har, telebista autonomikoen eraketarekin oso pozik egon ez arren. Kazetariren batek literalki honela deskribatu digu, “telebista autonomikoak agintean zegoen alderdien propaganda kabinete bihurtu ziren”. Eta, jakina, tresna oso eraginkorrak izan ziren estatuko hainbat hiritan gertaturiko hiri aldakuntzak goraipatzeko. Horri, paraleloan gertatu ziren ekonomiaren finantzazioa eta kapitalismo industrialaren indargabetzea gehitu behar zaizkio. Oso gutxitan agertu dira telebistetan aldaketa erradikal horiek sufritu eta ordaindu behar izan dituzten ahotsak, ezta eraldaketa sakon horien ondorioz ahuldu diren espazioak edo sozialki desagertu direnak. Oro har, eraldaketa horiek, eta eraldaketok hiritar guztiei ekarri omen dizkien ontasunak goraipatzeko eta laudatzeko bitartekoak izan dira. Baina, oinarrian, espazio publikoa gero eta gehiago pribatizatzeko balio izan dute. Baita enpresa pribatuek irabazi gehiago sor ditzaten, “partenariatu” publiko-pribatuaren bitartez. Partenariatu horren oinarria honako hau da: azken hamarkadetan ikusten ari garen politika publikoetan interes pribatuak tartean sartzea.

Gizartearen aldaketa edo ordezkatze honetan, espazio publikoa kontsumorako espazio hutsa bihurtu da, eta esaten duzu zuen ikerketa espazio horretan kokatzen dela. Nola eragiten du telebistak espazio horretan? Harreman zuzena dago espazio publikoaren eta telebistaren artean, azken hori espazio pribatuko ezinbesteko elementua dela aintzat hartuta?
Telebista publikoa espazio publikoa izan beharko litzateke, “esfera publikoa” deitu beharko litzatekeenaren zatia. Bertan, denok egon beharko ginateke ordezkatuak, guztiok ordaintzen baitugu, baina uste dut hau ez dela zehazki horrela. Partenariatu publiko-pribatu honetan, interes pribatuak politika publikoetan sartu dira eta horiek eraikitzen hasi dira; hedabideetan ere berdin gertatzen da. Gobernuek ez dute soilik zenbait talde mediatiko pribatuen interesak babestu (ia beti eskuinetik gertu daudenak), telebista publikoa bera ere ez da distantziakide, ez da erabat heterogeneoa, espazio publikoa pribatizatzen duen joera horrek kutsatu baitu, hiritarretik kontsumitzailera duen igarotze horrek ere kutsatu du.

 



Bestalde, artisten eta telebistaren arteko harremana nahikoa lausoa izan da. Badirudi, artistek etsi egin zutela telebistaren aurrean. Nolabait, telebistan eragiteko asmoak amore eman zuen telebistak entretenitzeko zuen ahalmenaren aurrean. Ematen du telebista ez dela jarduera artistikorako esparru egokia. Ados zaude?
Sasoi batean (70eko hamarkadan, bideoaren lehendabiziko hamarkadan), artistak ondo jabetu ziren bideoak telebistarekin zeukan harremanaz, eta hedabide horrek bitarteko politiko gisa zuen potentzialtasunaz, hedabide hori ez gaitzesteak zeukan garrantziaz. Baina bideoaren historiografia ofizialak berak kooptatu du tarte txikian bideoa gehienbat esperimentazio artistikorako tresna gisa, beti ere, arte merkatuaren dinamiken zerbitzura. Horrela, bere gaitasun komunikatiboak kentzen dizkio eta bere “jatorrizko bekatua” ezabatu, alegia, telebistarekin duen harreman zuzena. Hedabide herrikoi eta arrunt horretatik urrunduz, eta arte-historiak onartuko duen teknologia berri gisa onartzeko. Hori oso ondo kontatzen dute 80ko hamarkadan Marita Sturken-en gisako teorikoek edo Martha Rosler-en antzeko artistek.

Uste dut betidanik izan dela telebistarekiko interesa artisten eta zinemagileen aldetik, dela hezkuntza-ahalmenagatik dela bere potentzialtasun komunikatiboagatik, edota ikuspuntu kritiko batetik abiatuta. Esaterako, Rossellini, zinema utzi zuen telebistaren mesedetan, edo 80ko hamarkadako scratch video, zeinak kritika ironikoa egiten duen material mediatiko propiotik abiatu zen. Bideoa museoan sartzeko prozesuaren ostean (edo fetix bihurtzeko prozesuaren ondoren, bideoa erabat merkaturatu baita), uste dut artistengandik eta zinemagileenagandik beste telebista mota batzuk dituzten aukerei buruzko interes berritua iritsi zaigula, batez ere, interneten dauden telebisten haritik. Eta ez naiz ari soilik plataforma digitaletako egitasmoez, baizik eta material mediatikoaren erabileraren itzuleraz ere. Baita telebista berak sortzen dituen albisteen ikuspegi kritikoaz ere (egilearen eskubideei buruzko lege murritzaileenek dakarren zentsura ez-zuzena gorabehera; lege horiek erabat kaltegarriak dira politikokiko eraginkorrak diren kontranarratibak sortzeko).

Nolanahi ere, esaten duzu telebista autonomikoetan “beste telebista bat” egiteko aukera izan zela. Zertaz ari zara zehazki?
80ko hamarkadan, telebista autonomikoak iritsi zirenean, programazio propioa egiteko beharrizana sortu zen. Toki horietan, baina, beti ez zegoen hedabide horretako profesional nahikorik. Horrek ahalbidetu zuen medio horretatik at zegoen jendea telebistan sartzea. Jende horrek, halaber, aire freskoa eta formatu berriak ekarri zituen. Beharrizan hori estatu espainolaren modernizazioarekin batera gertatu zen, estatu (post)moderno bat “erakitzen” zen 40 urteko diktadura eta isolamenduaren ostean, ikus-entzunezko modak eta moda musikalak inportatuz, diru nahikoa inbertituz artean eta diseinuan. Hori guztia, operazio politiko eta sozial oso errentagarriaren baitan (nahikoa da gogoratzea Madrileko edo Vigoko Movida-k errentagarritasun horren adibide egoki gisa).

80ko hamarkadan, eraldaketa industriala bizitzen ari zen Galiziako nerabea nintzen, Movida eta postmodernitatea lurreratu berriak ziren, eta Anton Reixak egiten zituen telesaioak edo sarritan aipatzen den La Bola de Cristal ikusten nituen. Urte batzuk geroago, eta interes profesionala tarteko, Arsenal ezagutu nuen eta 80ko eta 90eko hamarkaden artean TV3n eta Barcelona TVn abiatu ziren hainbat telesaio. Uste dut telebistan panoramak txarrera egin duela 70eko hamarkadaz geroztik, telebista pribatuek aginduriko formatuen pixkanakako homogeneizazioa (Espainiara 1990ean iritsi ziren), eta audientzia indizeak direla medio. Telebista publikoa produktu hauengandik bereizi beharrean, horiek kopiatzeari edo euren gorakada kuantitatiboa neutralizatzeari ekin dio, entretenimendua azpimarratzen duten formatuak erabilita. Horrela, telebistaren beste aspektu batzuk ahaztu ditu zerbitzu publikoa den aldetik, besteak beste, hezkuntza zerbitzua, eta gizarte komunikaziorako eta kohesiorako bitartekoa.

Egun, berriz, artearen eta telebistaren arteko harreman berria bizi dugu. Funtsezko aldaketa gertatu da, artistek telebistarekiko interes berria dutela dirudi. Zer gertatu da?Lehen esan dizudanez, Interneten gisako plataformatan telebista egiteko aukerek, eta eskumaren monopolioa eta espazio radioelektrikoko interes pribatuak orekatzeko premiak, erreakzio interesgarria eragin dute. Era berean, uste dut erreakzio politikoak eta bizi dugun irrazionaltasun ekonomiko-sozialak ere bere eragina izan dutela. Artistok ez gaude hiritarren asperdura orokorretik at, hiritargo-kontsumitzailearen zati bat gara, eta gogaituta eta eskandalizatuta gaude klase politikoaren eta oligarkia finantzarioaren arteko batuketak eragiten dituen manipulazioekin. Horietako asko, gainera, erabat eskandalosok dira, -ikusi, esaterako, Berlusconiren kasua edo nola iritsi den herrialde bat gobernatzera talde mediatiko bat zuzentzetik-. Uste dut badela kultura bat erreakzio zibil interesgarriak sortu dituena, eta, jakina, horien artean, badira artisten eta ekoizle kulturalen erreakzioak.

Eta, antza denez, orain arte jorraturiko guztiak memoria kolektiboan eragiten du. Nola eragiten du telebistak memoria kolektiboan? Esaterako, euskal memoria koketiboan?
Uste dut telebistak eragin handia duela gure memoria kolektiboan, baita gure historia berrieneko zenbait aspektutan ere. Telebistak memoria hori “monopolizatzen” du, -pentsa dezagun frankismo berantiarraren eta trantsizio espainolaren irudietan, guztiak TVErenak dira, hasiera batean publikoa den artxiboa da, baina oso zaila da artxibo horretan sartzea, eta are gehiago erabiltzea, irudi horien prezioak neurriz kanpokoak baitira-.

Telebistan ikusten duguna, irratiak kontatzen diguna, eta tertulianoek esaten dutena ere -hau beldurra-, lagun askorentzat informazio iturri nagusia dira, eta, jakina, guztiontzat dira bitarteko oso garrantzitsuak gure sasoiaren kontakizun historikoa eraikitzeko. Horrez gain, “etenaldi historikoaren” nolabaiteko kontzeptuaren erantzule ere badira, fragmentazio komunikatiboaren ezaugarri den narratibaren jarraitutasunik ezarena, hain zuzen.

Beraz, garrantzitsua da irudion, eta euren edizio lanaren inguruan hausnarketa egitea: zein testuingurutan egin ziren, zein marko politiko eta sozialetan, oro har “ezkutatuta” baitaude. Horrela, marko horiek agerian uztea, edo muntaia mediatikoaren moduak ulergarri egitea, kritika politikoaren oinarrizko ariketak dira, eta hor, artistok eta zinemagileok aparteko erantzukizuna eduki beharko genuke.

Amaitzeko, zer transmititu nahi duzu esaten duzunean telebistaren iruditeria desnaturalizatu behar dela?
Elkarrizketa guztian nabarmendu dudanez, guretzako telebistaren iruditeria desnaturalizatzeak esan nahi du hedabideek igortzen diguten errealitatea ez dela bakarra ezta erabatekoa, baizik eta interesatua eta partziala, horrelakoak baitira errealitateari buruzko narrazioa guztiak. Honako hau lortu nahi dugu: horrenbesteko eragina duen eta hain homegeneizatzailea, baina, era berean, zulagarria den iruditeriaren inguruan mobilizatzeko eta kritika egiteko gaitasuna sortzea. Horretarako, ElectroClass egitasmoaren aurkezpen-testuan jasotzen dugunez, Jacques Ranciéreren hitzak erabilita, guztiok gure emantzipazio propioa lortzeko dugun gaitasuna eskatzen dugu. “Hau da, telebistari buruzko gure lan kritikoa ez dela konfrontaziotik, ez eta berorrek sortzen duen fetixizazio inozo eta antxutik pasatzen, baizik eta errezeloa sortzetik, alegia, errealitate-produkzioaren logikaren zatiketa gozo eta delikatu bat saiatzetik.”

 

Nontzeberri-k bidalita

 

Aquí la entrevista que la gente de Nontzeberri ha hecho a Maria Ruido en castellano.

Imagen
Maria Ruido: “telebistak eragin handia du gure memoria kolektiboan”
Subtítulo

Nontzeberrin argitaratutako elkarrizketa

Maria Ruido artista galiziarrak eta Consonni Bilboko arte ekoiztetxeak iaz ezagutu zuten elkar. Harrezkeroztik lankidetzan ari dira telebistarekin kritikoa den ElectroClass izeneko egitasmoa gauzatzeko asmoz. Proiektu hori aurten garatuko da, eta hiru ardatz ditu: batetik, elkarrizketen artxibo bat, ETB3ko materialaren desmuntatzetik sortuko dena; bigarrenez, mintegi bat, non euren erreferenteak eta prozesuan parte hartu duten konplizeak bildu nahi dituzten; eta, azkenik, aurtengo Bilboko Zinebi zine jaialdian aurkeztuko duten bideo eta zinema egitaraua. Bertan, telebistaren inguruko ikus-entzunezko esperimentuak bilduko dituzte. Artista galiziarrarekin jarri gara harremanetan egitasmo honen berri izateko.

 

Proyecto